Gipuzkoa Encounter

Organiza Tolosako Udala Fundación Euskaltel

2014 Apirilak 4-6

Media

Prentsa-oharrak

Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666

Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.

MINUTU ETA ERDI BAINO GUTXIAGOAN AGORTU DIRA GIPUZKOA ENCOUNTERREKO SARRERAK



Gipuzkoa Encounter informatika-topaketako zaleek marka berria hautsi dute beste behin ere: bilguneak eskaintzen dituen 450 eserlekuak 1 minutu eta 27 segundotan erreserbatu dituzte. Festan euren lekua lortzeko lehia bizian aritu dira ehunka geek, Euskadikoak zein espainiar Estatuko autonomia-erkidego ugaritakoak. Arte digital, programazio, bideo-joko, software libre eta hardware arloetako ekimen anitz hartuko ditu egitarauak. Horrez gain, partaideek nahiz bisitariek prestakuntza-tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Bideo-jokoak eta 3D inprimaketa bezalako gaiak izango dira aztergai.

Tolosako Usabal kiroldegian egingo da 600 parte-hartzaile inguru elkartuko dituen topaketa hori, apirilak 4 eta 6 artean. Euskalamiga elkarteak koordinatzen du partya, eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren (Spri-ren bitartez) laguntzaz.

Parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten Euskalteli esker; hau da, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio-abiadura. Abantaila horrez gain, Gipuzkoa Encounter 8k aisialdi eta heziketa jarduera ugari eskainiko ditu. Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, eta doakoak izango dira.

Partaideen profila
Aurten, partaideen adinaren batezbestekoa 29 urtekoa izango da; gazteenak 8 urte ditu eta helduenak, 59. Emakumeen parte hartze maila aurreko urteen antzera mantenduko da, %11n. Jatorriari dagokionez, lehenengo aldiz gipuzkoarren kopuruak (%36) bizkaitarrena gaindituko du (%31). Partaide nafarrak (%12) eta arabarrak (%10) ere ugari daude, eta gainontzeko %11 Estatuko autonomia-erkidego eta probintzia ezberdinetatik dator. Nagusi dira Kantabria, Asturias, A Coruña, Madrid eta Bartzelona.

Gipuzkoa Encounterren jatorria
Gipuzkoa Encounter gazte informatika-zaleen eskaerari erantzuna emateko sortu zen, Euskal Enconterraz gain urtean zehar topaleku gehiago nahi baitzituzten. Gipuzkoako topaketaren aurrekaria, Euskal Encounterra, Estatuko party handiena eta zaharrena da, eta nazioarteko erreferentea ere bada.

Partyak ordenagailuekiko pasioa sentitzen duten pertsonen topaleku handia dira. Zenbait egunez beren ordenagailu propioekin biltzen dira eta ezagutzak partekatu zein gaiarekin loturiko ekintza anitzetan parte hartzen dute. Bilgune horien sorlekua Europako iparraldean ezartzen da. Alemania, Finlandia eta Danimarkan oso zabalduak daude, eta 80ko hamarraldiaren erdiaz geroztik ospatzen dituzte.

Alde batetik, Demoparty gisa ezagutzen direnak daude, eta informatikaren alderdi sortzaile eta artistikoaren erakustoki bikaina dira; hau da, arte digitalaren topagune dira. Bestetik, Lanparty deiturikoak egiten dira: sareko joen bilkurak. Horien garapenaren ondorio gisa sortu dira jokoen lehiaketa profesionalak. Azpimarragarrienetako bat, GameGune, duela hamabi urtetik hona burutzen da Euskal Encounterren barne. Gipuzkoa Encounter, uztailean ospatuko den Euskal Encounterraren moduan, bi party mota horien konbinazioa da.