Gipuzkoa Encounter

Organiza Tolosako Udala Fundación Euskaltel

2014 Apirilak 4-6

Media

Prentsa-oharrak

Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666

Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.

TOLOSA, EHUNKA ORDENAGAILU ETA TEKNOLOGIA ZALEREN JOMUGA




Gipuzkoa Encounter 8 erreferentziazko teknologia-topaketa bilakatu da Euskadin, prestakuntzaren alde egindako apustuari eta negozio ideia berriak bultzatzeko egindako esfortzuari esker. Urteko hitzordu aipagarrienetako bat da hau informatikaren eta teknologia berrien zaleentzat. Argi eta garbi erakusten dute datuek: 1,27 minututan agortu ziren 400 eserlekuak. Gainera, itxarote-zerrenda minutu gutxitan itxi behar izan zuten, jada 400 pertsona gehiagok eman baitzuten izena.

Apirilaren 4 eta 6 artean Tolosako Usabal kiroldegian bilduko diren parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten, Euskaltelen eskutik. Horrela, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio abiadura. Abantaila horrez gain, Gipuzkoa Encounter 8k aisialdi eta heziketa jarduera ugari eskainiko ditu. Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, eta doakoak izango dira. Aurten interes berezia piztu dute bideo-jokoekin eta 3D inprimaketarekin loturiko jarduerek. Horiez gain, arte digital, programazio, software libre eta hardware alorrekin loturiko ekintzak egongo dira.

Tolosako alkate Ibai Iriartek azpimarratu du Gipuzkoa Encounterrek eragin positiboa duela udalerriko ekonomian. Ehunka bisitariez gain, hiru egunez informatikaren eta teknologiaren hiriburu bilakatzeak bultzada handia ematen dio Tolosari. Berritasun gisa, Tolosaldearen Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Foroak, Lehiberrik, prestakuntza ekimenetan parte hartuko du aurten.

Bestalde, Lore Martínez Axpek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendariak, nabarmendu du Gipuzkoa Encounterra apustu teknologiko handia dela. Halaber, harreman profesionalak garatzera animatu ditu parte-hartzaileak, eta bilkura honek enpresek gehien eskatzen dituzten ezagutza arloetako prestakuntza indartzeko balio duela jakinarazi du.

Sabino San Vicentek, Gipuzkoa Encounterreko koordinatzaileak, aditzera eman du puntako teknologia-enpresetan lanean diharduten hainbat profesionalek laguntzen dutela jardueren antolaketan. Nobedade gisa, bideo-jokoen garapena sustatzeko Game Project Compo lehiaketa egingo dute. Partaideek, banaka edo taldeka, joko baten proiektua aurkeztu beharko dute, diseinu zirriborroak, prototipoak, eta funtzionamendu gidoiak bezalako dokumentuak atxikiz.

Euskalamiga elkarteak koordinatzen du partya, eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren (Spri-ren bitartez) laguntzaz.