Gipuzkoa Encounter

Organiza Tolosako Udala Fundación Euskaltel

2014 Apirilak 4-6

Media

Prentsa-oharrak

Prentsa arduraduna:
Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 609 121 666

Atal honetan gure prentsa-oharrak argitaratuko ditugu.

SARE LANA ETA PRESTAKUNTZA BULTZATUTKO DITU GIPUZKOA ENCOUNTER INFORMATIKA ZALEEN TOPAKETAK



Gipuzkoa Encounter 8k sareko lanaren eta prestakuntzaren aldeko apustua egingo du aurten. 600 parte-hartzaileek gaur goizean jarri dituzte ordenagailuak martxan eta igandera arte lehiaketa eta joko ugaritan parte hartzeko aukera izango dute, 1 gigabite segundoko konexio-abiadurarekin. Inaugurazio ekitaldian parte hartu duten ordezkari instituzionalek Euskadin erreferentziazkoa den topaketa honen indarra azpimarratu dute, eta partyaren etorkizunarekin konpromisoa hartu dute.

Egunotan gauzatuko diren ekintzen artean, publikoari irekitako eskaintza ere badago; tailerrak, hitzaldiak eta bideo-kontsola jokoak hain zuzen. Parte-hartzaile askok bideo-jokoetan eta 3D inprimaketan interesa dute, izen-emateetan jasotako informazioaren arabera. Arte digitalak, programazioak, software libreak eta hardwareak ere jarraitzaile ugari dituzte.

Euskaltel Fundazioko zuzendari Nerea Lupardok Euskaltelek partyarekin duen konpromisoa adierazi du. Bere aburuz, garbi dago bilgunea berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren erakusleihoa dela, eta Euskadi espainiar Estatuko abangoardian kokatzen duela. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa banda zabaleko konexioetan liderra dela jakinarazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazioaren Gizarterako Sistemen zuzendari Lore Martínez Axperen hitzetan, topaketa honek sareko lana burutzeko aukera ematen du, bai eta harreman profesionalak sortzeko ere. Parte-hartzaileak Gipuzkoa Apps lehiaketan parte hartzera ere gonbidatu ditu.

Aitor Urcelay Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak Gipuzkoa Encounterren prestakuntza-izaeraren garrantzia azpimarratu du, urtero-urtero ikastaro eta hitzaldi berriak eskaintzen baitizkie parte-hartzaileei. Iradokizuna ere egin die bertaratuei: euren gaitasun eta sormena merkatuaren beharrak asetzera bidera ditzaten esan die.

Bestalde, Tolosako alkate Ibai Iriartek topaketa hau posible egin duten antolatzaileei eta babesleei eskerrak eman dizkie, eta kanpotik etorritakoei herriko kultur eta aisialdi ekintzak erakutsi diezazkien eskatu die tolosarrei.